XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ateak aldaba gisa lehoi baten ahotik zintzilikatutako burnizko uztai bat zeukan.

Eskua luzatu nuen, uztaia helduta neukan.

Orduantxe, norbait seinalearen zain egon izan balitz bezala, hiru tiroren danbatekoak aditu ziren etxe barruan.

Beste hots bat aditu zen, intziri luze samingarri bat izan zitekeena.

Gero erorketa guri narrats bat.

Eta gero urrats lasterrak etxe barrutik... urruntzen.

Ate aurrean pasabide estu bat zegoen, haitzarte baten gaineko zubitxo baten antzekoa, etxeko hormaren eta ezponda ertzaren arteko hutsartea betetzen zuena.

Ez zegoen ez ataririk ez zoru finkorik ez biderik etxearen bueltan atzeko aldera joateko.

Atzeko sarrera behealdean zegoen, pasealeku moduko kale batean zegoen oholezko mailadi baten buruan.

Horretaz jabetu nintzen mailadiko oholetatik arrapaladan jaistean izan zen oin-hotsa aditu nuelako.

Gero auto batek abiatzean egindako bat-bateko orrua aditu nuen.

Bizkor itzali zen urrundu ahala.

Soinu hari beste auto batenak durundi egin ziola iruditu zitzaidan, baina ez nengoen seguru.

Aurrean neukan etxea hilobi bat bezain isilik zegoen.

Ez zegoen inolako presarik.

Barruan zegoena barruan zegoen.

Pasabidearen ertzeko barandaren gainean zankalatraba jarri eta gorputza luzatu nuen gortinak bai baina estalkirik ez zuten ate-leihoetaraino, eta barrura begiratzen saiatu nintzen gortinek elkarrekin egiten zuten zirrikututik.

Ikusi nuen lanpara baten argia pareta batean eta liburutegi baten ertza.

Pasabidera itzuli eta hura oso-osorik eta ezpel hesiaren puska bat hartuta sorbaldaz gogor eman nion sarrerako ateari.